miércoles, 18 de mayo de 2011

Antzuola: IHAUTERIAK, ANTIFAZEN TAILEARRA

Ihauteriak gertu dira eta eskolan jada nabari da festa giroa. Ikasle bakoitzak jada erabaki du zein mozorrorekin agertu ihauteriak ospatzeko eskolan urtero antolatu ohi den jaialdira, eta urduritasunez espero dute eguna.

Mozorroen harira, duela egun pare bat lau urtekoen gelan ikasle baten esfortzu handiko lan batek indarra hartu zuen. Plastika txokoan haur baten produkziotik maskara moduko bat irten zen, eta emaitzak gainontzeko kideen interesa piztu zuela ikusirik, gero eta haur gehiagok ekin zioten maskara bat egiteari!






Halaxe sortu zen ideia:
1. Ikasle batek papera eta errotulagailuak hartuta, borobil bat irudikatu zuen eta inguruan zenbait zirriborro.
2. Zer gehiago egin zezakeen pentsatzen jarri eta borobila puntzoiarekin moztea erabaki zuen.
3. Zuloa andereñoari erakutsi eta honek begia hurbilduz bertatik begira jarri zenean…
Haurrari zuloa koloretako paper gardenarekin tapatzea bururatu zitzaion (“horrela zulotik begiratuta dena kolore berdinekoa ikusiko da!”).
4. Baina kolorea aukeratzen hasi zenean (horia, gorria, urdina, …), ezin bat aukeratu! Orduan, ondoan bigarren zuloa egin zuen eta bi begiak zulo banatan ipinita ingurura begiratzen hasi.
5. Ikaskide bat hurbildu eta ea antifaza egiten ari zen galdetu zion, eta ideiak konbentziturik, bi zuloen azpian sudurra eta ahoa margotu zituen.
6. Azkenik, DIN A4 tamainako kartulina laranja batean itsatsi zuen antifaza.

Ikaskideari ere asko gustatu zitzaion ideia, beraz, berak ere maskara bat egiteari ekin zion. Segituan agertu ziren beste pare bat atzetik.


Eskulanak haurrengan pizturiko interesa ikusita, eta ihauteriak ate joka dauzkagula aprobetxatuz, ikasle guztiei maskara bana egiteko proposamena luzatzea otu zitzaieen andereñoei, eta horretantxe aritu dira lau urteko haurrak. Zirkulazio librean zehar, pixkanaka-pixkanaka guztiak igaro dira plastika txokotik eta lan ederrak irten dira, korridoreko horman zintzilikaturik daude guztientzat ikusgai!


Ikus daitekeen moduan, jarduera hau haurren interesak baztertu gabe, beraien irudimenari ateak ireki eta sorturiko produkzioak aberasten lagunduaz aurkeztu da. Horixe da eskola honetako hezitzaileen eskuhartzea definitzen duen printzipio nagusia.

Antzuola: TXOKOAK

Estruktura bakoitzean gela irekien funtzionamendua ezartzen da interakzioak bultzatzeko asmoz, izan ere, funtzionamendu honek elkargune sozial erreala eta konplexuagoa eskaintzen du (adin ezberdineko haurren artean, heldu bat baino gehiagoko ikasle taldeen artekoa, baita hezitzaileen artekoa ere).


Ikasmaila bakoitzeko bi geletako ateak ireki egiten dira jolas librean murgiltzeko. Haur bakoitzak erabakiko du nora (zein espaziora) eta norekin joan, horretarako (haur bakoitzaren erritmoa errespetatu nahian) behar duen denbora izango duelarik.

Azken finean, haur talde bat definitzen duen ezaugarri adierazgarrienetakoa aniztasuna da. Gizabanako bakoitza mundu bat da, eta ipinitako irudia aniztasunaren adibide garbia da!

Eskolak “TXOKO” ezberdinak eskaintzen ditu:

• Harea: Hareazko ontzi handi bat eta bertan jolasteko kuboak, palak, eskuareak, moldeak, … Bi urtekoen gelan soilik.
• Etxea: Bi urtekoen gelan soilik.
• Eraikuntza: Pieza ezberdinez osaturiko material bilduma ezberdinak, ezaugarri ezberdinen arabera (kolorea, forma, tamaina, ehundura, muntatzeko modua, neurrien arteko osagarritasuna, …) berdinak, antzekoak edo ezberdinak izango direnak.
Lau urtekoen gelako eraikuntzarako materialen aniztasunak atentzio deitu zidan, a ze material piloa! Baina egia esan, erabilpen majoa ematen diote eta nahikoa fruitu jasotzen da gainera:
- Arlo motorean: Mugimendua kontrolatu eta begi-esku koordinazioa lantzen dira.
- Arlo kognitiboan: Sormena bultzatzen du, espazioaren egituraketan laguntzen du, erlazio topologikoak eta proiektiboak sortzera bultzatzen du.
- Arlo afektiboan: Emozioengandik distantziatzeko aukera ematen du.
- Arlo sozialean: Harremanetarako eta elkarlana bultzatzeko, talde proiektuak sortzeko aukera ematen du.
• Plastika
- Modelatzea: Hiru dimentsioko materialak (plastilina urte guztian zehar eta buztina noizbehinka).
- Marraztu, margotu, estanpatu eta collage.


• Mahai jolasak
• Ipuinak


• Ezagupen fisikoa


Bi, hiru eta lau urteko gelen kasuan behintzat (lehen eta bigarren praktiketan frogatu ahal izan dudan bezala), harrerako unea indibidualizatua izan dadin (haur bakoitzari ongi etorri pertsonala eskainiz), eskolara iritsi eta zirkulazio librean murgiltzen dira haurrak. Momentu honen ostean ekiten diote topaguneari, talde bakoitza bere tutorearekin elkartzen delarik, eta elkartze unearen ostean berriro zirkulazio libreari heldu edo topagunean sorturiko proposamen baten inguruan antolatzen dira.

Antzuola: ESKOLAKO KIDEEN ARTEKO KOMUNIKAZIOA, ESTRUKTURA HIRUKOITZA

Haurraren bizi-eremua kontutan izanez gero, interbentzio hezitzailea egokia den eran, garapenaren klabeak kontutan artzen baditugu eta garapen honek progresiboki hartzen duen itxura modu aproposean ulertzen badugu, interbentzioak egokiagoak izango dira.

Oraindik, garapena nola ematen den, garapena eta aprendizaiaren arteko erlazioa eta interbentzio hezitzaileak hauek noiz eta nola bermatzen dituenaren ezagupen zehatzik ez dago, baina leku batean eta bestean ildo ezberdinak antzeman daitezke eta horien artetik, azken hamarkadetan garapena ulertzeko eran izandako aurrerakuntzak jasotzen dituen garapenaren, aprendizaiaren eta interbentzio hezitzailearen KONTZEPZIO KONSTRUKTIBISTA deritzonari heldu dio Antzuolako eskolak.

Konstruktibismoa oreka-desoreka eredua da, gizakiari ezinezkoa zaio errealitatearen bat-bateko ezagupen eta ulermen zuzen eta objektibo batetara iristea, errealitatearekin harremanetan, hau ahalik eta egokien ulertzen eta bertara ahalik eta ondoen moldatzen saiatuko da. Horretarako, eskemak eraikitzen joango da, baina hauek ez dira errealitatea bera (subjektiboa da).
Ondorioz, garapen eta aprendizaiaren ahalbidea eta egokiera oinarrizko konflikto batean artikulatzen direla esan dezakegu: Gizakiak errealitatea deformatzeko duen joeran eta honen aurrean errealitateak jartzen duen erresistentzian, izan ere, batzuetan errealitate objektiboa eta subjektiboa bat ez datozela ikusarazten digu azken honek, eta hortxe dago gakoa, desadostasunaz jabetzean (eta ez desadostasuna egotean).

Hortaz, eredu honi jarraituz, gizakia ingurunearekiko harremanetan aktiboa eta bere eraiketa prozesuaren protagonista da.

Ildo bakarra jarraitzen duen Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzako zentro honetan, eginkizun pedagogikoa bi etapetan antolaturik ageri da.
1- Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzako lehen zikloa.
2- Lehen Hezkuntzako bigarren eta hirugarren zikloak.

Funtzionamendu egoki baterako, lehen etapari dagokionez, batez ere haur garapenaren ezaugarrietan oinarrituriko adin-tarteak jarraituz, taldeak ondorengo estruktura-hirukoitzean antolaturik daude:
1- Bi urte.
2- Hiru eta lau urte.
3- Bost, sei eta zazpi urte.

Estrukturetako bakoitzean, interakzioa sustatu nahian, ikasgela irekien funtzionamendua ezartzen da, izan ere, honek topaketa soziala aberatsagoa eta errealagoa bilakatzen du (adin ezberdineko haurren artean, ikasle eta irakasleen artean nahiz irakasleen artean). Beraz, hiru eta lau urteko haurrak bi geletan zehar dituzten espazio komunetan elkarlanean aritzen dira, gauza bera gertatzen delarik bost urteko eta lehen nahiz bigarren mailako haurrek hiru gelen artean banaturik dituzten espazio komunetan. Dena den, 3-4 urtekoen eta 5-7 urtekoen estrukturak ez dira itxiak.

Gauzak horrela, interakzioak lau mailatan emango dira:
1- Gelako kideen artean.
2- Adin bereko taldeetako kideen artean.
3- Estruktura-hirukoitzeko kideen artean.


4- Ikastetxeko beste taldeetako kideen artean.


Antzuola: PSIKOMOTRIZITATEA, HEZITZAILEAREN PAPERA

Ez da erraza unean uneko esku-hartzea egokia zein den jakitea. Psikomotrizitate saioak azpian sekulako karga teorikoa dauka, eskolako profesionalek ongi kontrolatzen dutena, eta andereñoaren papera ez da inondik inora ere haurraren jolasean sartu eta bere jarduna zuzentzea (askok uste duten bezala…). Benetako saio bat gidatzeko jakintza minimo batzuk ezinbestekoak direla argi geratu zaigu, psikomotrizitate gelatik kanpoko ikasgelako jardunean ere oso lagungarri direnak.

Antzuolako eskolak garrantzi handia ematen dio psikomotrizitate jarduerari, eta ez hori bakarrik, baita saio hauen eta ikasgelako jardunaren arteko elkarlotzeari. Honi buruzko xehetasun guztiak “Reflexiones en busca de una coherencia en la práctica educativa” (Antzuola-PREESCOLAR, Marzo de 1984) artikuluan topa daitezke.


Artikuluaren egileak zeharkako interbentzioaren alde agertzen dira, eta jarraian, praktika psikomotorean hezitzaileak bete beharreko papera definitzen duten irizpideak jaso ditugu:

1- Mugimenduzko berezko jarduera (actividad motriz espontánea) sustatzeko markoa eskainiko du.
2- Ez zuzentzailea, zein ez den egiten uztearekin nahastu behar. Norabidea bestea denaren arabera markatzean datza, hau da, haurraren desioetatik abiatuz.
3- Permisiboa: Eskuragarria eta entzuteko gaitasuna duena. Komunikaziorako klima batean besteari irekitzean datza, balorezko iritzi edo usteak albora utziz bestea konprenitzean, den moduan onartzean.
4- Lagun sinbolikoa: Haurraren jolasean sartuko da, baina ez jolaserako lagun huts moduan, haurrarentzako ibilbide jakin bateko agente gisa baizik. Ez du haurrarekin haurra izatera jolastuko, jokoari esanahi ezkutua bilatu eta horri erantzungo dio.
5- Ez du zuzenean haurrarekin lan egingo, inguruaren, espazioaren eta haurraren produkzioen gainean baizik. Haurrak afektiboki izendatzen duen inguruan eskuhartuz, haurraren munduan egoteko modu originala errespetatuko da.
6- Legearen sinboloa: Permisibotasuna bestearengan eragindako fustrazioa ere bada.
Irrika kanporatu beharra dago (pultsionalitatea), baina haurra dinamika pultsionaletik dinamika sinbolikora pasarazi behar da. Haurrak suntsitu, desegin… ahal izango du, baina suntsiketa horiek lege esanguratsu baten pean gauzatuko dira. Azpian ordena duen desordena eta ordun falta gauza ezberdinak dira, lehena haurrarentzat erreferentzia finkoa da eta bigarrena berriz angustia. Dena den, ezinbestekoa da legea haurraren desioekin artikulatzea, bestela errepresioa litzake.

Antzuola: FAMILIAKOAK ESKOLARA

Aurreko iruzkinetan argi ikusi da herritarrek egiten dutela Antzuolako herri eskola, eta eskolak egiten duela herria, horretarako herria eta herritarrak inguru hurbileko faktore eragileak direlarik. Beraz, nola ahaztu familia!

Familien inplikazioa ere pisu handiko faktorea da eskolan, noizean behin haurren familiako kideek beren ekarpenekin eskolako eguneroko jarduna aberasten dutelarik.

Aurtengoan, 3 urteko haurrek oso une politak igaro dituzte izandako bisitekin, eta esperientzia eder horiek eskolako gainontzeko lagunei azaldu nahian, jarraian datorren murala eskegi dute beraien ikasgela ondoko korridoreko horman.


Ikus dezakezuen bezala, hiru familia kideren bisitak ageri dira bertan:
1- Enara, Aroaren ama, ogia egiten erakustera etorri zenekoa.
2- Sofia, Kiraren amama, Sitxu txakurrarekin bisitan etorri zenekoa.
3- Matilde, Leireren amamak, kalendulazko ukendua egiten irakatsi zienekoa.

Antzuola: HERRIKO NATURDENDARA BISITA

2011-03-02

Gaurkoan beste paseotxo bat eman dugu herriko naturdendara, izan ere, ikasgelan lantzen ari garen gaian dendako zenbait produktu agertu zaizkigu.


Antzuolako eskolako 4 urteko ikasleek “TXINA” gaiari heldu diote, herrialde honen inguruan gauza berriak jakiteko interes handia piztu da gelan, eta pixkanaka-pixkanaka Txinako kulturako gauza mordoa ezagutzen ari dira (historia, ohiturak, hizkuntza, janzkera, fauna eta flora, …). Gaurkoan elikagai bati buruz jardun gara gelan, soia izan dugu hizpide, eta ikasgelan bertan soia hazia ezagutu ostean, lekale honetatik lortu daitezkeen eta antzinatik Txinatarren sukaldean oinarrizko gaiak diren produktuak ezagutzera joan gara Ilianaren dendara.

Dendara sartu eta lurrean ipinitako oihal pare bat gainean eseri dira haurrak dendariak zioena ongi entzuteko eta eskuartean zuena ongi ikusteko. Sojazko esnea, sojazko saltsa (tamari), sojazko esnearekin eginiko txokolatezko gailetak, … produktu asko behatu ditugu (ikusiz, ukituz, usainduz, …), haur askorentzat ezagunak, eta bisita amaitzeko zer hobeto produktuok dastatzea baino?

Sojazko esne apur bat edanda eta txokolatezko gaileta bana janda itzuli gara eskolara!

Antzuola: HERRIKO ARMARRIA

2011-02-04

Gaurkoan haur baten produkzioak nahikoa zer esan eta zer egin eman ditu.
Intentziorik izan gabe, oharkabean, ikasle batek beiradura (vidriera) moduko bat margotu du plastika txokoan. Andereñoak segituan sumatu du marrazkiaren eta beiraduren antzekotasuna, hortaz, entziklopedian kontsultatu eta benetako beiradura baten argazkiaren fotokopia ekarri du gelara.

Eta produkzioa nondik sortu den? Lau urteko ikasle honek alfabetoko letren txantiloia ekarri du eskolara eta folio batean forma denak irudikatzeari ekin dio. Ostean, barrutik koloreztatu ditu, eta letra bakoitza lauki batekin inguratu du, bakoitza kolore batez margotu duelarik.

Emaitza ederra, gainontzeko kideei erakusteko modukoa. Horrexegatik, ikaslearen lana eta benetako beiraduraren fotokopia erakutsi ditu andereñoak topagunean.

Ea horrelakorik nonbait ikusi duten galdetzean batek baietz erantzun du,Antzuolako udaletxean badagoela horrelako bat. Halaxe da, udaletxera sartu eta gora begiratuz gero, teilatuan Antzuolako armarriaren beiradura ikus daiteke. Hori dela eta, jolastokira joan aurretik beiradura ikustera joateko ideia izugarri gustatu zaienez, horixe egin dugu.



Benetan ekintza polita, motibagarria eta aberasgarria deritzogu txangotxo hau. Izan ere, ba al da modu hoberik herriko ezagutzak barneratzeko (Antzuolako armarria)? Gure ustez, herritarrengandik (oraingo honetan ikasle batengandik) sorturiko lanei heltzea bezalako bide interesgarriagorik ez dago…