Ez da erraza unean uneko esku-hartzea egokia zein den jakitea. Psikomotrizitate saioak azpian sekulako karga teorikoa dauka, eskolako profesionalek ongi kontrolatzen dutena, eta andereñoaren papera ez da inondik inora ere haurraren jolasean sartu eta bere jarduna zuzentzea (askok uste duten bezala…). Benetako saio bat gidatzeko jakintza minimo batzuk ezinbestekoak direla argi geratu zaigu, psikomotrizitate gelatik kanpoko ikasgelako jardunean ere oso lagungarri direnak.
Antzuolako eskolak garrantzi handia ematen dio psikomotrizitate jarduerari, eta ez hori bakarrik, baita saio hauen eta ikasgelako jardunaren arteko elkarlotzeari. Honi buruzko xehetasun guztiak “Reflexiones en busca de una coherencia en la práctica educativa” (Antzuola-PREESCOLAR, Marzo de 1984) artikuluan topa daitezke.
Artikuluaren egileak zeharkako interbentzioaren alde agertzen dira, eta jarraian, praktika psikomotorean hezitzaileak bete beharreko papera definitzen duten irizpideak jaso ditugu:
1- Mugimenduzko berezko jarduera (actividad motriz espontánea) sustatzeko markoa eskainiko du.
2- Ez zuzentzailea, zein ez den egiten uztearekin nahastu behar. Norabidea bestea denaren arabera markatzean datza, hau da, haurraren desioetatik abiatuz.
3- Permisiboa: Eskuragarria eta entzuteko gaitasuna duena. Komunikaziorako klima batean besteari irekitzean datza, balorezko iritzi edo usteak albora utziz bestea konprenitzean, den moduan onartzean.
4- Lagun sinbolikoa: Haurraren jolasean sartuko da, baina ez jolaserako lagun huts moduan, haurrarentzako ibilbide jakin bateko agente gisa baizik. Ez du haurrarekin haurra izatera jolastuko, jokoari esanahi ezkutua bilatu eta horri erantzungo dio.
5- Ez du zuzenean haurrarekin lan egingo, inguruaren, espazioaren eta haurraren produkzioen gainean baizik. Haurrak afektiboki izendatzen duen inguruan eskuhartuz, haurraren munduan egoteko modu originala errespetatuko da.
6- Legearen sinboloa: Permisibotasuna bestearengan eragindako fustrazioa ere bada. Irrika kanporatu beharra dago (pultsionalitatea), baina haurra dinamika pultsionaletik dinamika sinbolikora pasarazi behar da. Haurrak suntsitu, desegin… ahal izango du, baina suntsiketa horiek lege esanguratsu baten pean gauzatuko dira. Azpian ordena duen desordena eta ordun falta gauza ezberdinak dira, lehena haurrarentzat erreferentzia finkoa da eta bigarrena berriz angustia. Dena den, ezinbestekoa da legea haurraren desioekin artikulatzea, bestela errepresioa litzake.


No hay comentarios:
Publicar un comentario