martes, 10 de mayo de 2011

PSIKOMOTRIZITATEA


GOJENOLA, Marian

"Psikomotrizitate" hitza, gaur egun, hezkuntzan aski ezaguna izan arren, "erlazio-psikomotrizitate" hitza ez da hainbeste, eta ondorengo lerro hauetan zertxobait argitzen ahaleginduko naiz.

Erlazio-psikomotrizitateko Hezitzailea

Hasteko, esan liteke, joera ezagunenari "psikomotrizitate razionala" deitzen diogula, honen helburu nagusia aprendizaia eta pedagogia- mailakoa delarik.

Beste joera, "erlazionala" deitzen duguna, berriz, haurraren adierazpen global eta prebentiboan oinarritzen dugu. Bi joera horiek ez dira elkarren kontrakoak, baina André Lapierrek eta erlazionalaren joerakook lehentasuna ematen diegu alderdi psikoafektibo eta erlazionalei, gero alderdi psikokognitiboen oinarri izan daitezen.

Erlazio-psikomotrizitate saioetan haurra bera da protagonista gorputz-mugimenduaren bidez, bere interes eta beharrizanak adieraziz subjektu bezala. Helduaren laguntzarekin bere dimentsio psikofisiko, emozional eta sozialak garatzen ditu. Honela, Erlazio-Psikomotrizitateko saioak hezkuntza-praktika prebentibo eta konpentsatorioaren funtzioa betetzen dute bide batez, eta gaurko haurrak dituen beharrizan psikoafektiboei erantzuten diete.

Erabiltzen dugun metodoa jolas librea da, espontaneoa, ez-gidatua eta judiziogabea. Psikomotrizistak haurraren portaera behatu, dekodifikatu egiten du, jarrera sostengatzaile eta deskulpabilizatzaile baten bidez, autonomia garatu eta bere zailtasun eta gatazkak bideratuz.

Jolas librearen garrantzia

Erlazio-Psikomotrizitatearen metodoa jolas librean oinarriturik dagoenez, biziki azpimarratu nahi dut, jolas-mota horrek heziketan leku eta denbora berezi bat izateak duen garrantzia, jolas-ordutik kanpora.

Jolas libreak haurraren barneko eta kanpoko mundua adierazten du sinbolikoki eta horrela bere fantasia, beldurra, zailtasuna, baliabidea, sormena eta abar azaldu eta lantzeko bidea da. Gainera, aprendizaia intelektualaren oinarria da, buru-prozesuak eragiten baititu.

Schiller, poeta alemaniar ezagunak zioenez, "gizakia jolas egiten duenean bakarrik da benetako gizaki". Zalantzarik ez dago libreki jolas egiteko aukerarik izan ez duten haurrek bere ahalmen intelektualak murrizturik edukitzen dituztela. Horrez gain, jolasak ongi funtzionatzearen atsegina ematen dio haurrari: Paulovek "poztasun muskularra" edo Harveyk "gorputzaren musika ixila" deitzen duten hori.

Beraz, jolasaren eragina zabala dela aitortu behar dugu.

Baina oraindik, gaur eguneko gizarte zalapartatsu honetan bazterturik gelditzen den pedagogia-klabe bat berreskuratu nahiko nuke: saiamena.

Jolas librearen bitartez, haurra entseiu-errorea lantzen eta bere porrot-sentsazioak gainditzen saiatzen da. Telebistaren aurrean pasiboki dagoen haurrak ez du hori garatzeko aukerarik izaten. Eta esan beharra dago, saiamena sendotu duen haurrak bere garapen psikoafektiboan oinarri bikain bat duela.

Garapen psikoafektibo erlazionala

Erlazio-Psikomotrizitatea, subjektuak dituen erlazioetan oinarritzen denez gero, bai bere buruarekin, bai besteekin (nagusi eta haurrekin), garapen horretan gertatzen diren jarrera garrantzitsu batzuk aipatu nahi nituzke:

- Agresibitatea bideratzea baieztapenaren bidez.
- Frustrazioa jasan, barneratu eta kasketaldiak menperatzea.
- Besteekiko erlazioan "nagusia" konpartitu eta besteen mugak bizitzea (onartu/ez onartu; ados egon/ados ez egon...)
- Eskatu, hartu, eman, ukatu eta abar egiteko gai izatea.

Haurrak askotan heldua (gurasoak/irakasleak) kontrolatzeko joera izaten du (begiradaz, hitzez, ekintzaz...) eta ez nuke ahaztu nahi haurraren beraren eta nagusiaren espazioak ongi bereizteak duen garrantzia. Banaketa hori argi eta garbi egina edukitzearen baitan dago, haurrak mutiko eta neskato bezala, barne-segurtasuna izatea eta nagusi-autoritatea barneratzea.

Bi hitzetan esateko, sozializazioa garatzea indibiduarengandik abiatuz.

Ondorio gisa


Lerro hauen ondoren, heziketako profesional bezala, gogoeta bat eragin nahi diot neure buruari. Gizarteak izan duen eboluzioa ikusirik, gaur eguneko haurrak baliabide material ugari ditu eta alderdi didaktiko-pedagogikotik ere ongi horniturik dago; baina haur horrek askotan egiten digun eskaria bere azalaz barru alderakoa izaten da. Sarritan haurrak SOS bat bidaltzen ari balira bezala sumatzen ditut. Ulerkuntza eta sostengu-beharra adierazten dute beren portaeraz, begiradaz, larruazalaz... Barrenean, gaurko haurraren beharrizan nagusiak, nahiz eta intelektualki ongi jantziak izan, psikoafektiboak dira.

No hay comentarios:

Publicar un comentario