miércoles, 18 de mayo de 2011

Antzuola: IHAUTERIAK, ANTIFAZEN TAILEARRA

Ihauteriak gertu dira eta eskolan jada nabari da festa giroa. Ikasle bakoitzak jada erabaki du zein mozorrorekin agertu ihauteriak ospatzeko eskolan urtero antolatu ohi den jaialdira, eta urduritasunez espero dute eguna.

Mozorroen harira, duela egun pare bat lau urtekoen gelan ikasle baten esfortzu handiko lan batek indarra hartu zuen. Plastika txokoan haur baten produkziotik maskara moduko bat irten zen, eta emaitzak gainontzeko kideen interesa piztu zuela ikusirik, gero eta haur gehiagok ekin zioten maskara bat egiteari!






Halaxe sortu zen ideia:
1. Ikasle batek papera eta errotulagailuak hartuta, borobil bat irudikatu zuen eta inguruan zenbait zirriborro.
2. Zer gehiago egin zezakeen pentsatzen jarri eta borobila puntzoiarekin moztea erabaki zuen.
3. Zuloa andereñoari erakutsi eta honek begia hurbilduz bertatik begira jarri zenean…
Haurrari zuloa koloretako paper gardenarekin tapatzea bururatu zitzaion (“horrela zulotik begiratuta dena kolore berdinekoa ikusiko da!”).
4. Baina kolorea aukeratzen hasi zenean (horia, gorria, urdina, …), ezin bat aukeratu! Orduan, ondoan bigarren zuloa egin zuen eta bi begiak zulo banatan ipinita ingurura begiratzen hasi.
5. Ikaskide bat hurbildu eta ea antifaza egiten ari zen galdetu zion, eta ideiak konbentziturik, bi zuloen azpian sudurra eta ahoa margotu zituen.
6. Azkenik, DIN A4 tamainako kartulina laranja batean itsatsi zuen antifaza.

Ikaskideari ere asko gustatu zitzaion ideia, beraz, berak ere maskara bat egiteari ekin zion. Segituan agertu ziren beste pare bat atzetik.


Eskulanak haurrengan pizturiko interesa ikusita, eta ihauteriak ate joka dauzkagula aprobetxatuz, ikasle guztiei maskara bana egiteko proposamena luzatzea otu zitzaieen andereñoei, eta horretantxe aritu dira lau urteko haurrak. Zirkulazio librean zehar, pixkanaka-pixkanaka guztiak igaro dira plastika txokotik eta lan ederrak irten dira, korridoreko horman zintzilikaturik daude guztientzat ikusgai!


Ikus daitekeen moduan, jarduera hau haurren interesak baztertu gabe, beraien irudimenari ateak ireki eta sorturiko produkzioak aberasten lagunduaz aurkeztu da. Horixe da eskola honetako hezitzaileen eskuhartzea definitzen duen printzipio nagusia.

No hay comentarios:

Publicar un comentario