miércoles, 18 de mayo de 2011

Antzuola: INESI BISITA

"Eskolak egiten du herria" ideiari helduz,hona hemen herritar eta eskolako kideen arteko harremanaren adibide polit bat!

Ikasgelako eguneroko bizitzan gai ezberdinekiko interesa pizten da ikasleen artean, elkarrizketa nahiz jarduera politak aurkezten direlarik.

Azken aldian artilea izan dute mintzagai lau urteko ikasleek. Zer den, nondik datorren, nola lantzen den, … eta Antzuolan bada artilea egiten trebea den emakume bat, goruarekin lanean nahikoa ordu eman dituena. Andereñoak segituan gogoratu ziren berarekin, eta haurrek ikasitako guztia zuzenean beraien begiez ikusteko aukera aprobetxatu beharra zegoela pentsatu zuten, eta halaxe egin ere!
Inesekin hitzordua ipini eta bere etxera joan ziren lau urteko ikasleak eta artilearen inguruan jada informazio asko zeukaten arren, produktua lantzeko modu tradizionala zein den ikusi eta ikasi zuten.


Txango polita izan zen, karga emozional handikoa. Izan ere, herriko nagusienek gaztetxoei kultur ondare diren jakintzak transmititzea balio izugarriko jarduera deritzogu, zeinaz gozatzeko aukera ez daukaten denek.

Horrexegatik, guztion artean Inesi eskutitz bat idatz geniezaiokeela bururatu zitzaigun, egindako harrera atsegina eta erakustaldi aparta eskertuz.

martes, 17 de mayo de 2011

Antzuola: "ESKOLAK EGITEN DU HERRIA"

Azken finean, eskola bigarren sozializazio prozesurako tresna dugu, bertan ezarriko dira haurraren inguru hurbilenetik kanpoko pertsonekiko lehen harreman berriak. Elkarrekintzazko giro batean murgildu eta hartu-emanetarako oinarriak barneratuz joango da ikaslea, eskolatik kanpoko eguneroko bizitzan ere bere jarduna definituko duten printzipio, balore nahiz jokabideak.
Gure iritziz, eskola herria eraikitzeko tresna garrantzitsua da, herriari bizia eta izaera ematen diona. Hortaz, eskolako jarduna lau pareten artera mugatu gabe, kalera irten eta herriarekin nahiz bertako biztanleekin kontaktuan egotea oso esperientzia aberasgarria deritzogu. Aberasgarria eta beharrezkoa.

Antzuolako herri eskola ere bat dator gurekin eta bertako ikasleek bizilagunen jakintzetatik ahalik eta gehien edan dezaten bisita ugari antolatzen dituzte herriko txoko ezberdinetara!

Gaur egungo eskola, 1981ean egin zen batasunaren emaitza da: herrian zeuden bi ikastetxeak (publikoa eta ikastola) bakar batean batu ziren. Funtsean, prozesu eraikitzaile bat izan zen, non bi zentroetako kideen borondateak bateratzearen sentikortasuna piztu zuen.
Bategiteak ekarri dituen onurak garbiak dira bai eskolari bai herriaren barne kohesioari dagokionez.
Batetik, Ikastetxe bakarra izatean, herriko haur guztiak hartzen ditu honek, eta horri esker heziketa prozesua testuinguru anitzean ematen da, hau da, giza ekintza orok duen barne aniztasunari era naturalean erantzunaz.

Antzuola: PROIEKTUAREN IKUSPEGIA

Antzuolako eskola irakaskuntza ikaskuntza prozesuan proiektuen bidez lan egitearen aldekoa da. Izan ere, ikaskuntza esanguratsua izan dadin, eredu akademizistak albo batera utziz haurraren ikerketarako interesa (kuriositatea, kritikotasuna, … ) piztuko duen lan egiteko era ezinbestekotzat dute bertako profesionalek. Norbera da bere garapen prozesuaren eraikitzaile, bizitako esperientzietatik abiatuz jasotako informazioa prozesatu eta antolaketa logiko bat jarraituz buru-eskemak egiten dituena.

Gure ustez, ikastetxeak ongi justifikatzen du uste hau, izan ere, hezkuntza interbentzio guztiak ikasleek esperimentatzen dituzten behaketa eta aurkezten dituzten aniztasunarekiko egokitzapenean oinarritzen dira (ikasle guztiak ez dira berdinak eta ez dute era berdinean ikasten) eta beren jakinmina eta pentsatzen dutena adierazteko gaitasun pertsonala bultzatzera zuzenduriko hezkuntza plana aurkezten dute. Beti ere, beraien nahi eta interesei beharrezko arreta eskainiz.



Adin ezberdineko ikasleen arteko interakzioaren gaia gogoratuz, aipatzekoa deritzogu eskola osoak haurren produkzioen erakusketak egiteko duen ohitura, non guztiek euren tokia duten.

Otsailaren 10ean, lau urtekoak 5. mailakoen “NATURA”-ri buruzko azalpena entzun eta hilabetetan zehar eginiko lan ikusgarriaz gozatzeko aukera izan zuten. Harrigarria ikasle horiek eginiko lana, txalotzekoa...

martes, 10 de mayo de 2011

PSIKOMOTRIZITATEA SAIO BAT



Bideo honetan, UZTURPE IKASTOLAN haurrekin buruturiko saio bat ageri da, zeinaren bitartez, psikomotrizitate saioen nondik norakoak (ideia orokorrak) barnera daitezkeen.
Guri egokia iruditu zaigu, oso interesgarria, eta haur hezkuntzako irakasleon praktikarako lagungarri izan daitekeela uste dugu!

PSIKOMOTRIZITATEA


GOJENOLA, Marian

"Psikomotrizitate" hitza, gaur egun, hezkuntzan aski ezaguna izan arren, "erlazio-psikomotrizitate" hitza ez da hainbeste, eta ondorengo lerro hauetan zertxobait argitzen ahaleginduko naiz.

Erlazio-psikomotrizitateko Hezitzailea

Hasteko, esan liteke, joera ezagunenari "psikomotrizitate razionala" deitzen diogula, honen helburu nagusia aprendizaia eta pedagogia- mailakoa delarik.

Beste joera, "erlazionala" deitzen duguna, berriz, haurraren adierazpen global eta prebentiboan oinarritzen dugu. Bi joera horiek ez dira elkarren kontrakoak, baina André Lapierrek eta erlazionalaren joerakook lehentasuna ematen diegu alderdi psikoafektibo eta erlazionalei, gero alderdi psikokognitiboen oinarri izan daitezen.

Erlazio-psikomotrizitate saioetan haurra bera da protagonista gorputz-mugimenduaren bidez, bere interes eta beharrizanak adieraziz subjektu bezala. Helduaren laguntzarekin bere dimentsio psikofisiko, emozional eta sozialak garatzen ditu. Honela, Erlazio-Psikomotrizitateko saioak hezkuntza-praktika prebentibo eta konpentsatorioaren funtzioa betetzen dute bide batez, eta gaurko haurrak dituen beharrizan psikoafektiboei erantzuten diete.

Erabiltzen dugun metodoa jolas librea da, espontaneoa, ez-gidatua eta judiziogabea. Psikomotrizistak haurraren portaera behatu, dekodifikatu egiten du, jarrera sostengatzaile eta deskulpabilizatzaile baten bidez, autonomia garatu eta bere zailtasun eta gatazkak bideratuz.

Jolas librearen garrantzia

Erlazio-Psikomotrizitatearen metodoa jolas librean oinarriturik dagoenez, biziki azpimarratu nahi dut, jolas-mota horrek heziketan leku eta denbora berezi bat izateak duen garrantzia, jolas-ordutik kanpora.

Jolas libreak haurraren barneko eta kanpoko mundua adierazten du sinbolikoki eta horrela bere fantasia, beldurra, zailtasuna, baliabidea, sormena eta abar azaldu eta lantzeko bidea da. Gainera, aprendizaia intelektualaren oinarria da, buru-prozesuak eragiten baititu.

Schiller, poeta alemaniar ezagunak zioenez, "gizakia jolas egiten duenean bakarrik da benetako gizaki". Zalantzarik ez dago libreki jolas egiteko aukerarik izan ez duten haurrek bere ahalmen intelektualak murrizturik edukitzen dituztela. Horrez gain, jolasak ongi funtzionatzearen atsegina ematen dio haurrari: Paulovek "poztasun muskularra" edo Harveyk "gorputzaren musika ixila" deitzen duten hori.

Beraz, jolasaren eragina zabala dela aitortu behar dugu.

Baina oraindik, gaur eguneko gizarte zalapartatsu honetan bazterturik gelditzen den pedagogia-klabe bat berreskuratu nahiko nuke: saiamena.

Jolas librearen bitartez, haurra entseiu-errorea lantzen eta bere porrot-sentsazioak gainditzen saiatzen da. Telebistaren aurrean pasiboki dagoen haurrak ez du hori garatzeko aukerarik izaten. Eta esan beharra dago, saiamena sendotu duen haurrak bere garapen psikoafektiboan oinarri bikain bat duela.

Garapen psikoafektibo erlazionala

Erlazio-Psikomotrizitatea, subjektuak dituen erlazioetan oinarritzen denez gero, bai bere buruarekin, bai besteekin (nagusi eta haurrekin), garapen horretan gertatzen diren jarrera garrantzitsu batzuk aipatu nahi nituzke:

- Agresibitatea bideratzea baieztapenaren bidez.
- Frustrazioa jasan, barneratu eta kasketaldiak menperatzea.
- Besteekiko erlazioan "nagusia" konpartitu eta besteen mugak bizitzea (onartu/ez onartu; ados egon/ados ez egon...)
- Eskatu, hartu, eman, ukatu eta abar egiteko gai izatea.

Haurrak askotan heldua (gurasoak/irakasleak) kontrolatzeko joera izaten du (begiradaz, hitzez, ekintzaz...) eta ez nuke ahaztu nahi haurraren beraren eta nagusiaren espazioak ongi bereizteak duen garrantzia. Banaketa hori argi eta garbi egina edukitzearen baitan dago, haurrak mutiko eta neskato bezala, barne-segurtasuna izatea eta nagusi-autoritatea barneratzea.

Bi hitzetan esateko, sozializazioa garatzea indibiduarengandik abiatuz.

Ondorio gisa


Lerro hauen ondoren, heziketako profesional bezala, gogoeta bat eragin nahi diot neure buruari. Gizarteak izan duen eboluzioa ikusirik, gaur eguneko haurrak baliabide material ugari ditu eta alderdi didaktiko-pedagogikotik ere ongi horniturik dago; baina haur horrek askotan egiten digun eskaria bere azalaz barru alderakoa izaten da. Sarritan haurrak SOS bat bidaltzen ari balira bezala sumatzen ditut. Ulerkuntza eta sostengu-beharra adierazten dute beren portaeraz, begiradaz, larruazalaz... Barrenean, gaurko haurraren beharrizan nagusiak, nahiz eta intelektualki ongi jantziak izan, psikoafektiboak dira.

MUTURREKO HEZKUNTZA SISTEMA (JAPONIA)

Badirudi gure artean indarra hartzen ari det hezkuntza sistema leku guztietan zabaltzen ari dela, baina hori ez da errealitatea.

Gurean, azken urteetan haurren garapen autonomoa bultzatzen duen sistemak indar handia du, norberaren beharretara eta ikasteko erritmora egokitzen dena, baina youtuben ikusi dugun dokumental labur batek zeharo inpaktatu gaitu.

Japonian gertatzen dena guztiz kontrakoa da. Bertan, txiki-txikitatik, adinarekin bat ez datozen helburu zorrotz eta zehatzetarantz bideratzen dituzte haurrak, haurtzaindegian jada azterketen bidez ebaluatuz, neurrigabeko konpetentzian murgilduz... Eta eredu akademizista ezabatzeko lanean diharduen mugimendu konstruktibisten oinarriak errotik hautsiz.

Sinestezina iruditu zaigu haur japoniar hauen eguneroko dinamika, beraz, jarraian ipinitako bideo sorta ikustea gomendatzen dizuegu!







PEIO ETA OTSOA!

Kaixo lagunok!

Txontxongiloak denoi gustatu izan zaizkigu haur izan garenean. Orain ordea, urteak aurrera egin eta ahaztu xamarra daukagu mundu hau.

Hementxe, haur hezkuntzako ikasleentzat erabilgarria gerta daitekeen ikuskizuna duzue ikusgai. Haurrek bakarrik ez, helduek ere haurtzarora bidaiatu eta goza dezaten!

PEIO ETA OTSOA from maddiloinaz on Vimeo.